Aurkezpena

Nazio Batuen Erakundearen 2008ko abenduko Asanblada Orokorreko bileran erabaki zen 2011. urtea Kimikaren Nazioarteko Urtea izendatzea, zientzia honek gizadiaren ongizatean egindako ekarpenaz jendea kontzientziatu dadin. Ekimen honen sustatzaileak UNESCOko Zuzendaritza Kontseilua eta Kimika Puru eta Aplikaturako Nazioarteko Batasuna (IUPAC) izan dira. 2011. urtean, gainera, Marie Curieren Nobel Sariaren mendeurrena ospatzen da.

Zientziaren alor honek bizi-kalitatearen hobekuntzan duen eragina aditzera emateko sortu da ekimen hau. Kimikak, inguratzen gaituen materia ulertzen eta eraldatzen laguntzen digu. Eguneroko bizitzan erabiltzen diren produktu oro ekoitzi daitezke kimikaren bidez, botikak eta erregaiak barne. Gizadiaren garapena jasangarria gerta dadin ezinbesteko zientzia bihurtu da kimika. Hala da, kimikaren eremuan egiten den ikerkuntza ezinbestekoa da, besteak beste, jakien ekoizpenean, energia ekoizpenean, osasunaren bermean, garraioaren arazoan, eta bizi-kalitatearen hobekuntzan sor daitezken arazoak konpontzeko

Gertakari hori dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateak, Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Alhondigaren, Real Sociedad Española de Químicaren eta Euskadiko Enpresa Kimikoen Elkartearen laguntzaz, datozen asteetan hainbat ekintza egingo ditu gizarteari eta datozen belaunaldi berriei Kimikak eguneroko bizitzan daukan garrantzia aditzera emateko.

Beraien lan aktibitatean Zientzia eta Teknologiaren erabilera ohikoa duten Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek gizartean duten garrantzia nabarmentzeko aukera egokia izango da.

Une aproposa da, bestalde, enpresek agerian jartzeko produktuen ekoizpenean kimikak duen garrantzia, kontsumitzailearen segurtasuna hobetze aldera kimika ezinbestekoa baita. Gure bizi-kalitatearen hobekuntzan Kimikaren ekarpena erakutsi nahi da ekintza honekin.